Albisteak 2026

ELKARTEA

21 Mar 2026

Buitrago del Lozoya, ACTren karabanaren lehen geltokia

Buitrago del Lozoya, ACTren karabanaren lehen geltokia

Madrilgo Erkidegoa 2026ko Euskotren Ligaren eta Eusko Label Ligaren hasieraren lekuko izango da.

"Bandera Pueblos con Vida Comunidad de Madrid – Canal Isabel II" izango da 2026ko denboraldiari hasiera emango dion estropada. Hala erabaki dute ACTko klub bazkideek, sasoi honetarako lehiaketa egutegia onartuta. Urteko hirugarren ohiko batzarra egin da Orion, eta bertan egutegiaren eta aurrekontuaren onarpena izan dira puntu aipagarrienak.

Eusko Label Liga eta Euskotren Liga ekaineko azken asteburuan hasiko dira, Buitrago del Lozoyan, non igandean (ekainak 28) inaugurazio jardunaldia jokatuko den, Riosequilloko urtegian. Estropada binakako erlojupeko formatuan jokatuko da, 6 luze eta 5 ziaboga gizonezkoetan eta 4 luze eta 3 ziaboga emakumezkoetan.

Ligak uztaileko lehen asteburuan iritsiko dira Bizkaira, Bilboko eta Zierbenako jardunaldiekin (uztailak 4 eta 5). Hurrengo asteburuko larunbatean eskifaiek CaixaBank Bandera jokatuko dute Castro-Urdialesen eta Gipuzkoa bisitatuko dute igandean Orioko uretan.

Eusko Label eta Euskotren ligak uztailaren 18an eta 19an joango dira lehen aldiz Galiziara. Larunbatean Chapela igoberriaren etxean jokatuko da estropada eta igandean Bueuk anfitrioi lanak egingo ditu.

Zarauzko Ikurrina izango da Euskotren Ligari amaiera emango dion hitzordua, eta abuztuaren 22 eta 23ko asteburuan jokatuko da jardunaldi bikoitza. Eusko Label Ligako traineruak abuztuaren 29an eta 30ean lehiatuko dira bigarrenez Galizian, Boiron eta Aresen, hurrenez hurren. Play Offeko bi jardunaldiak eta Eusko Label Ligako amaiera irailaren 19an eta 20an jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten.

Itzuli